Abenduaren 4tik 16ra bitartean Serbiako Eurokopa prestatze aldera bat egin zuten astelehenean Eli Pinedok eta Patricia Elorzak Jorge Dueñasen selekzioarekin. Era berean, Bera Berako Adriana ‘Doce’ Castro eta Nitsan Dunay jokalariak ere bere selekzioekin arituko dira datozen egunotan.
Pinedo eta Elorzak gaur aurreneko lagunartekoa izango dute Alcobendasen, Adriana Vienan da Brasilgo Morten Soubak hautatzailearen esanetara eta Nitsan Dunayk egingo du gaur arratsaldean Tel Avivera bidaia.
Lau jokalarien helburuak ezberdinak dira. Pinedo eta Elorzak Espainiako selekzioarekin beste domina nahi dute; Israelek hurrengo Mundialerako txartela nahi du eta Brasilek Europan jokatuko ditu bizpahiru partida.
Horrela, Nitsan Dunayk Holandan jokatuko du azaroaren 29an bertako selekzioaren aurka, hurrengo egunean Austria izango da aurkaria eta abenduaren 2an, Eslovenia.
Eta Adriana, Dara Carvalhorekin batera, Brasilekin Austrian jokatuko ditu partidak asteburuan eta azaroaren 30ean Hungarian.
Ondorioz, Bera Berak bederatzi jokalariak ditu egun. Halere, abenduan lagunartekoak jokatuko ditu eta aurkariak, lekuak, datak eta orduak zehazten direnean horien berri emango dugu.
Txapelketaren herena igarota, azaroako betiko etenaldira iritsita, Bera Bera Eskubaloia sailkapenean hirugarrena da, hau da, iazko leku berean garai honetan.
Ligako 10. jardunaldian Bera Berak iazko denboraldian baino bi puntu gehiago ditu partida bakarra galdu duelako –Elxen- eta Mecalia Guardesen aurka berdindu zuelako.
Elche-Mustang taldeak puntu bat gehiago du BM Rocasa liderraren aurka baino ez duelako galdu eta kanariarrek puntu bakarra utzi zuten Barakaldon.
Egun hirugarren izan arren, Bera Bera liderra partida bakarrera du, berau urtarrilaren 12an ospatuko dena Antonio Moreno kiroldegian. Itxakok iaz jokatutako hamar norgehiagokak irabazi zituen.
Sailkapenari eta ligako egutegiari so egin ostean, Kanarietako urtarrileko partida izan ezik, Bera Bera pista zailenetan aritu da, Elche, Alcobendas, Guardés eta Porriño, hau da, sailkapeneko onenen etxeetan. Aitzitik, BM Rocasa liderrak talde horiek etxean hartu ditu eta zazpigarrena den Valencian baino ez du jokatu.
Elche-Mustang taldearekin antzekoa gertatzen da, izan ere, etxean 22-21 irabazi zion Bera Berari eta 34-24 Mecalia Guardesi eta Carrusetik kanpo azpimarragarrienak dira Porriñon lorturiko garaipena.
Liga, urtarrilean
Liderrari bisitaldia egin baino hiru egun lehenago, urtarrilaren 9an Bidebietak Zuazo Barakaldo hartuko du; Rocasak Porriñon jokatuko duen bitartean. Donostiarrek Castroren aurka etxean aimaituko dute lehenengo itzulia eta kanariarrek, Etxebarrin.
Bestetik, Elche-Mustang taldea ligara itzuliko da Valencia Aicequipen aurka, Alcobendasen izango du erronka ondoren eta E. Castelldefels hartuko du Carrusen lehenengo itzuliari amaiera jartzeko eta, ondorioz, Kopako sailkatuak eta zerrendaburuak zehaztuko dira orduan.
Bera Berarentzat Alcobendasen lorturiko garaipena oso garrantzitsua izan zen. Halere, bi puntura dauden madrildarrak ez ditu bistatik kenduko –Rocasa eta Bera Beraren aurka galdu eta Etxebarrin berdindu dute- eta urtarrilaren 12an Elche Mustang taldeari puntuak urratzeko aukera izango du Alcobendasek, Rocasak Bera Bera hartuko duen egunean, hain zuzen.
Bera Berak izango dituen eragozpenen artean Europako lehiaketa dago, -Elchek, Alcobendasek eta Rocasak ez bezala-. Otsailean, Kopa barne, partida asko izango dira eta Vistal Laczpol Gdynia gaindituz gero martxoan, beste horrenbeste.
Golegile nagusienak
Orain arte Bera Berak 321 gol sartu ditu –iaz, 298- iazko denboraldiko Itxakok baino gehiago (314). Soilik donostiarrek eta kanariarrek partidako 30 goleko marka gainditu dute, Elchek 295 gol sartu ditu eta Alcobendasek, 289.
Iaz bezala, bederatzi gol gehiago jaso arren, Bera Bera da gol gutxien onartu dituen taldea, guztira 224. Elchek 234 jaso ditu eta Mecalia Atlético Guardes taldeak, 241.
Gaur goizean Vienan Cup Winners Cupeko finalzortzirenak osatzeko burutu den zozketak Bera Bera Eskubaloia eta Poloniako txapeldun Vistal Laczpol elkartu ditu berriro ere. Joaneko partida Gdynia hirian ospatuko da –Poloniako iparraldean- 2013ko otsailaren 2 edo 3ean eta itzulikoa Donostian astebete beranduago.
Ondorioz zozketak Bera Berari aukera emango dio Champions Leagueko multzoen fasetik urrundu zuen taldearen aurrean ordaina hartzeko. Izan ere, duela bi hilabete Viborgen ospaturiko kanporaketan Vistal Laczpol Gdyniak 22-31 irabazi zien donostiarrei.
Partida hartan, Poloniako txapeldunak ezustean harrapatu zuen Bera Bera. Vistal Lazcpol Gdyniak defentsa gogorra erakutsi zuen eta jokalarien artean aipatzekoak dira Kulwinska pibotean, Sulzyckaren kontraerasoa, Mateescu lateralaren baliabideak eta Bera Beraren jokalari ohien Petrinja eta Krnic esperientzia.
Poloniarrek Bielorrusiako HC Gomel taldea gainditu zuten hirugarren txanda, egun bostgarrenak dira ligan bost partida irabazita eta bakarra berdinduta.
Bera Berako jokalari nahiz zuzendariek ondo hartu dute zozketa “kirol arloan aurkari zailak saihestu ditugulako, ziur gaude Vistal Lazcpol gogorra izango dela baina gure aukerak izango ditugula jakin ere bai eta ekonomikoki ez da Errusiara bidaiatzera bezala” adierazi du Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak.
Bera Berari lotuta dauden talde guztiak etxetik kanpo aritu ziren pasa den asteburuan eta horietatik senior mailako Egia Bera Bera eta Bera Bera Egia infantil Bi taldeek lortu dituzte garaipenak.
Zarautzen Gipuzkoako txapelketan Bera Bera Egia kadete 2 taldeak 22-10 Aialaren aurka galdu zuen bitartean, senior mailako Egia Bera Berak gol batez irabazi zion Aialari 26-27. Golen aldea medio lidergoa galdu du baina Tecnifuelle Elgoibar Egiatik pasatuko da datorren asteburuan.
Euskal ligan, Elgoibarren zorterik ez. Bera Bera Egia kadete taldeak 26-25 galdu zuen Astigarraga Gys talderean aurka eta jubenilek 20-16 Lauko Elgoibarren aurrean.
Infantil mailan Bera Bera Egia Bi taldeak 12-14 irabazi zion Andoainen CDB Leizarani eta Urnieta Bosteko Jatetxeak 15-8 Bera Bera Egia Bati.
EHFk gaur aditzera eman dituen multzoen arabera Bera Berak ez du zorterik izan banaketan. Bihar, azaroak 20 asteartea, goizeko 11etan Vienan hasiko da Cup Winners Cupeko finalzortzirenetako zozketa.
Horrela, donostiarrek ligako bost txapeldunak izan dezakete aurkari: Austriako Hipo NÖ -Dara Carvalhoren taldea-, Kroaziako HC Prodavka Vegeta, Alemaniako Thüringer HC, Errusiako Dinamo Volgograd edo Poloniako Vistal Lazcpo Gdynia ezaguna, Bera Bera Champions Leaguetik kanpo Viborgen utzi zuena.
Horrez gain, Errusiako eta Norvegiako azpitxapeldun Rostov eta Byasen Trondheim eta zerrenda Norvegiago Stabek Handball taldeak osatuko du.
Zortzi talde hauetako lau Champions Leaguen aritu dira irailetik: Hypo NÖ, HC Podravka Vegeta, Thüringer HC eta Dinamo Volgograd eta, Bera Bera bezala, Vistal Lazcpol Gdynia, Rostov eta Byasen taldeek Championseko multzoen fasea sailkatzeko kanporaketa jokatu zuten.
Zozketa bihar izango da baina kanporaketak 2013ko otsaileko lehenengo eta bigarren asteburuan ospatuko dira.