Emakumeen eskubaloi ligako azken partida jokatu zuenetik –Leonen azaroaren 16an- Bera Bera Eskubaloiak lehiaketara ekingo dio berriro ere bihar Bidebietan (19etan) Zuazo Barakaldo hartuz.
Nitsan Dunayren belauna bati egindako erresonantziak lesiorik antzeman ez arren, israeldarrak ezin izango du biharko partida jokatuko minak korrika egiten galerazten diolako. Ondorioz, Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia senior mailako jokalariek biharko deialdia osatuko dute, denboraldi honetan ohorezko mailako taldean aritu direnak.
Bihartik Aste Santurarte hiru txapelketatan parte hartuko dute donostiarrek: ligan, Cup Winners’ Cupean –otsailaren 3an Polonian eta 9 edo 10ean Donostian- eta Kopan, otsailaren 21etatik 24ra bitartean ospatuko dena lekua finkatzeke. Hau da, hamar astetan, ligako bederatzi jardunaldi, Europako bi eta gutxienez Kopako bati aurre egin beharko die Bera Berak, azken bi lehiaketan aurrera joan ahala gehiago izango direnak.
Ondorioz, talde osoa ondo kudeatzea izango da gakoa, Reyes Carrere eta Martin Larrañaga entrenatzaileak ondo aztertzen ari direnak.
Bera Bera Eskubaloiko entrenatzaile Reyes Carrerek “lasaitasunez” hartu du ligaren itzulera, adierazi arren ez duela “ulertzen nola ia bi hilabeteko etenaldi ostean aste honetan asteazken eta larunbatean jokatu behar dugun, zaletu eta klubei mesede gutxi egiten dienean”.
Horrela, hamaikagarren jardunaldian Bera Berak Zuazo Barakaldo hartuko du asteazkenean (19etan) eta egun lidergoan dagoen BM Rocasai egingo dio bisita larunbatean Antonio Moreno kiroldegian (18,30etan).
Komunikabideen aurrean, Reyes Carrerek adierazi du taldea “ondo ikusten duela, konpetiziorik gabe normala dena”. “Lagunartekoetan betebehar batzu egin ditugu eta jokalariek ondo erantzun zuten eskatutakoari, halere, lehiaketak esango digu nola gauden” azaldu du.
Nitsan Dunayren arazoak
Zentzu honetan Nitsan Dunayren belauna bat kezkatzen du “geldirik dagoelako”. Israeleko jokalariari egin zioten erresonantziaren emaitzen zain dago Bera Bera.
Reyes bera kezkati dago, “Vero Cuñaren baja jasan genuen eta harrobiko jokalariak ditugu entrenatzen, jokalari gazteak. Horregatik, gure eskura ditugun jokalarien kudeaketan asmatu behar dugu eta lagunartekotean hori egiten saiatu gara”.
Aste honetako partiden inguruan, Reyesek onartzen du “teorian ez dira berdinak Zuazo eta Rocasa, partida orok ditu zailtasunak baina liga irabazteko aukerak nahi baditugu Zuazori ere irabazi behar diogu”. Bizkaitarra da Rocasa liderarri punturik kendu dion talde bakarra.
Rocasari buruz, entrenatzaileak dio “partidarik galdu ez duena da eta larunbatean irabazi behar diogu besteen emaitzen zain ez gelditzeko”.
Partida erabakiorrak, etxean
Orain arte jokatu diren hamar jardunaldien ibilbideaz, Errenteriko entrenatzailearen ustez “etxetik kanpo pista zailenetan aritu gara”. Bere ustez bigarren itzulian partida erabakiorrak izango dira Bidebietan eta “oso garrantzitsua izango da etxean jokatzea” azpimarratu du.
2013. urteari begira ezarri diren helburuaz galdeturik, Reyes Carrerek adierazi du “lasaitasuna da nagusi gurean; besteetan emaitzak atera behar genituen proiektua aurrea ateratzeko; liga irabazteko aukera honetan presioa azal daiteke baina ditugun baliabideak ondo optimizatu behar ditugu helburu betetze aldera”.
Bidebietan urtarrilaren 19an Castro Urdialesen aurka (17,30etan) lehenengo itzulia itxiko du Bera Berak eta bigarren itzuliari besteek baino lehenago ekingo dio, urtarrilaren 26an Porriño Bidebietan hartuz. Galizarren aurkako partida aurreratu egingo da Bera Berak otsailean 3an jokatuko baitu Gdynian Cup Winners Cupeko finalzortzirenetan.
Bera Bera Egiako jokalari Anne Vallek Euskadirekin Pontevedran ospatzen ari den Estatuko selekzioen arteko jubenil mailako txapelketako finala jokatuko du bihar.
Gaur eguardian Asturias gainditu du Euskadik (25-24) eta aurkaria Madril izango da bihar 11,15etan Moaña herriko kiroldegian.
Lehenengo fasean Madrilek 36-23 irabazi zion Euskadiri, ondorioz, oso partida zaila izango da euskaldunentzat.
Emakumeen eskubaloi ligara itzultzeko aste osoa falta denean, Bera Bera Eskubaloia entrenaldietara bueltatu da Bidebietan hamaikagarren jardunaldiari begira, donostiarrek Zuazo Barakaldo hartuko baitute urtarrilaren 9an, asteazkena (19etan, Sergio Elordui y Javier Gutiérrez, euskalduna eta kantabriarra).
Serbiako Eurokopa dela eta izan zen etenaldi bezperatik ez ditu elkarrekin jokalari guztiak Reyes Carrere entrenatzaileak –atzo Elgoibarren benjamin mailako gaztekin izan zuen saioa-. Verónica Cuña galizarra esker belaunan izandako lesio larriaz sendatzan ari da.
Abenduaren 18an Patri Elorzak taldearekin bat egin bazuen ere, 2011ko irailetik Bera Berarekin nahiz Espainiako selekzioarekin 80 partida jarraian jokatu dituen Eli Pinedorentzat errekuperazio plan berezia prestatzea erabaki zuten Reyes Carrerek eta Iker Fernández prestatzaile fisikoak.
Horrela, Eli Pinedok ariketak aerobikoak egin ditu bizikleta estatikoa, eliptikoa, pilates, abdominalak eta luzaketak, horrez gain, indar kargak, erresistentziako lasterketak eta lesioak saihesteko ariketak. Hori guztia sasoi fisikoa mantentzeko eta baloia ikutu gabe.
Etenaldia izan arren, taldekideek ez dute ia atsedenik izan. Lau lagunarteko jokatu dituzte mutilen taldeen aurka eta beste bat Oñatin, aise gainditu zuten Zuazo Barakaldoren aurren, hain zuzen. Santo Tomas egunean oporrak iritsi ziren.
Atsedena ostean, Iker Fernández “oso ondo” aurkitu du taldea, halere, Nitsan Dunay israeldarraren belaunaren egoera kezkagarria da.
Bizkaitarren aurkako datorren asteazkeneko partida ostean, Bera Berak oso norgehiagoka garrantzitsua izango du urtarrilaren 12an, iIzan ere BM Rocasa taldeari bisita egingo dio (18,30etan). Jardunaldi interesgarria izango da Alcobendasek (laugarrena) Elche Mustang (bigarrena) hartuko baitu. Lehenengo itzuliari amaiera jartzeko donostiarrek Castro Urdialesen aurka arituko dira Bidebietan San Sebastian bezperan (urtarrilaren 19an, 17etan).
Espero dezagun etenaldi ostean iazko ibilbidea betetzea, izan ere, Bera Berak 16 garaipen eskuratu zituen jokaturiko ligako 17 partidatatik.
Azkenengo egunetan kirolaren inguruan burutu diren gala ezberdinetan Bera Bera Eskubaloia izan da protagonista. Araban garaiz egin zuten ekitaldia, izan ere, abenduaren 10ean ospatu zutena eta bertan Joku Olinpikoetan brontzezko domina eskuratu zuten Eli Pinedo eta Patricia Elorza saritu zituzten.
Bestetik, Gipuzkoako foru Aldundiak urterako antolatzen duen kirol galan Eli Pinedo aipatu zuten olinpikoen artean kirolari bezala Gipuzkoan hazitakoa delakoan. Gipuzkoako kirolaren indarra eta aniztasuna antzeman zen galan, emakumezko nahiz gizonezkoetan, eta agerian gelditu zen eskubaloia izan zela Londresera bidali zituen jokalari gehien: Eli Pinedo, Nely Carla Alberto, Julen Aginagalde eta Mikel Agirrezabalaga.
Azkenik, Gipuzkoako kirol prentsak antolatutako galan, kazetariek Bera Bera Eskubaloia taldearen lana aipatu zuten. Klubeko presidente Fernando Diez Mintegik jaso zuen garaikurra.
Argazkian, Eli Pinedo eta Gipuzkoako kiroletako foru diputatu Ikerne Badiola.