Donostiako udalak Egiako 31. Nazioarteko txapelketa aurkezpena hartu du gaur goizean, emakumezkoetan super amara Bera Bera, JDA Dijon Handball –egungo European Leagueko txapelduna-, Replasa Beti Onak eta Grafomental Sporting La Rioja partaidetzarekin abuztuaren 21 eta 22an burutuko dena.
Aurkezpenean Jon Insausti alkateak nabarmendu nahi izan du: “hiriko txoko oso zehatz batean, Egia auzoan, alegia, futbola ez den kirol-ekitaldi bat antolatzea, ekitaldi hori bultzatu eta indartzea, eta horrek 30 urteko muga gainditzea benetan azpimarratzekoa da. Donostiako auzoak bizirik daudela esaten dugunean, hau adibide ezin hobea da”.
Iñaki Gabarain kiroletako zinegotziak, bestalde, “ekitaldi handi horretaz gozatzera” animatu ditu Donostiako eta Gipuzkoako herritarrak. “Bera Berak arantzatxoa kentzeko aukera izango du”. Izan ere, European Leagueko txapeldunak sailkatze fasean donostiarrak kanporatu zuten penaltietan.
Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu duenez, "Egiako Nazioarteko Txapelketak oso ondo irudikatzen du Aldunditik defendatzen dugun kirol eredua: inguruan errotutako klubak, pertsona boluntario konprometituak eta lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna. Gipuzkoak kirol kultura sendoa du, hitzordu handi bakoitzaren atzean aitortu eta lagundu beharreko etengabeko lana dagoelako. Aldunditik bereziki azpimarratu nahi dugu emakumeen koadroaren kalitatea. Maila honetako lau talde izatea, tartean EHF European Leagueko egungo txapelduna, jarraitu behar dugun bidearen erakusgarri da".
super amara Bera Berako entrenatzaile Jon Begiristainek DIjoni aurre egiteko erronkari eutsi dio, “Beti Onak eta La Rioja gutxietsi gabe, Ligan goiko postuetan egongo direlako”. Donostiarrek Grafometal Sporting La Rioja izango dure aurkari bigarren finalaurrekoetan abuztuaren 21ean 20etan. Replasa Beti Onak taldeak txapelketa irekiko du JDA Dijonekin 18etan. Hurrengo egunean hirugarren posturako partida eta finala ospatuko dira. Begiristainek onartu du “ilusio handia egiten dit nire lehen partida Donostian Egian izatea” eta horrez gain “torneoak Superkoparako (iraliak 5) nola gauden erakutsiko digu” .
Antolatzaile gisa, Álex Elezgaraik eskertu dio super amara Bera Berari beste txapelketa baten datak aldatzeko izan duen gaitasuna eta zaleak animatu ditu Egiara hurbiltzeko. Sarrerak 10 eurotan jarri dituzte eta abonua, 15 eurotan. Bestetik, abuztuaren 12tik 14ra gizonezkoen txapelketa burutuko da Logroño, Torrelavega eta Toulouse taldeekin.































