“Ez genuen ondo jokatu, bi urte generamatzan han irabazi gabe, lehen zatia ez zen ona izan, gure atezainak salbatuta, halere irabazteko gai izan ginen eta match ball bat salbatu genuen” laburbildu du larunbateko partida Super Amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek. Urtarrileko hilabete “gogorraz” mintzatu da “garrantzi handiko aurkarien aurka” arituko baikara “goian egongo direnen aurka” alegia.
Horietako bat Atticgo BM Elche da, gaur egun zazpigarren postuan egon arren. Bihar izango da norgehiagoka, asteartean Gascan (20etan, Raul Oyarzun eta Aritz Zaragueta, nafarrak). Eta Imanol Álvarezek azaldu du iritzia. “Azken urteetan herrenka hasi da Elche, baina egunetik egunera arriskutsuagoa da haiei aurre egitea, eta puntu horretan dago orain, gora joango dira”. “Aurkari gogorra da, beti gustatzen zaigu jokatzea gauza desberdinak planteatzen dituelako, baina, aldi berean, ez zaigu asko gustatzen, ondo ez bagaude, irabazi egingo digulako” gaineratu du entrenatzaile ermuarrak.
Alvarezek “ondo” ikusten du taldea, eta jakinarazi du “defentsan ondo lan egiteko erronka jarri diogula geure buruari”. Are gehiago, defentsa azpimarratu du Porriñon partida iraultzeko, “intentsitatean gora egin genuelako”. super amara Bera Berak “talde indartsua izan nahi du defentsan, hala bagara, gure atezainek gehiago geldituko dutelako eta korritzeko aukera gehiago emango digulako”.
Entrenatzaile bizkaitarrak dio “errespetu asko” zor diola Atticgo BM Elche taldeari, “gauzak beti zaillak jartzen dizkigulako”. “Beti eskatzen digu gehiago, gol gutxira jokatzea gustatzen zaio, prest egon behar da” ohartarazi du.
Lidergoari eusteko borrokaz galdetuta, Alvarezek zehaztu du “lidergoari eutsi baino gehiago, partidak pilatzen jarraitu nahi dugu, galdu gabe, gaur egun 27 baitira. Hilabete zail hau pasatzen badugu eta lider jarraitzen badugu, urrats garrantzitsua emango dugu, gainerakoek ere partidak galduko baitituzte ” gaineratu du.
Carmen Arroyo baja izango da eta Elke Karsten ez da entrenatu gaur, bihar jokatzea zaila izango duena. Beraz, Elene Frescok eta agian Oihana Murgiondok, biak Euskadirekin zilarrezkoak CESAn Joaquin Rocamorak zuzentzen duen Valentziako selekzioaren aurka galdu zutenak, deialdian sar daitezke. Klubak Eusko Jaurlaritzarekin kudeatzen ari da Sora Ishikawaren lan baimena, bihar debuta egin ahal izateko.


































