Ostiralean eta larunbatean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiak Superkopa Iberikoaren hirugarren edizioa hartuko du, Espainiako Liga eta Kopetako talde txapeldunen artean, super amara Bera Bera eta Benfica, alegia, eta bera denez, Kopako azpitxapeldun diren Replasa Beti Onak eta SAD Madeira taldeek hartuko dute parte.
Iaz Portugalgo Maia herrian bezala, super amara Bera Berak SAD Madeira izango du aurkari (ostiralean, 18,15etan, Raul Oyarzun eta Aritz Zaragueta, nafarrak), eta Replasa Beti Onak eta Benfica taldeen txanda 20,30etan izango da. Larunbatean, finala 20etan eta hirugarren izateko lehia, 17,45etan.
Denboraldi honetan, SAD Madeirak Benficarekin galdu ditu jokatu dituen bi partida ofizialak, Portugalgo Supertaka delakoa (26-18) eta ligako lehen jardunaldia (22-26).
SAD Madeirak bost alta eta bost baja izan ditu. Joana Oliveira 23 urteko albokoa fitxatu du 1. Maioko SIRetik; Maren Marki, 22 urteko eskuin alboko norvegiarra Stinta Bucarestetik; Catarina Ascensao, 32 urteko eskuin hegalekoa, Madeirako CStik; Maira Campos Vincentini pibote brasildarra, Serbiako Zork taldetik, eta Sofía Cabral, 16 urteko gaztea, Bartolomeu Perestrelotik.
Oliveirak, Markik eta Ascensaok zenbaki onak izan dituzte Benficaren aurkako bi neurketetan, baina SAD Madeiran erreferentzia gisa jarraitzen dute Isabel Gois atezain internzionala eta Duarte ahizpek, Maria zentralak eta Neidak, hegalean. Barbara Cerqueira Rodrigues Guardeseko jokalari ohiak, Moniz zentralak, Ramos hegalekoak, Souza eta Nascimiento hegaleko brasildarrek eta Ferreira atezainak Sandra Martins entrenatzaileak 15 jokalariko taldea osatu dute.
Joana Garcês (Portugalgo ABC), Sheila Langa (Gjorche Petrov, Mazedonia), Mornesa Tenda angolarra (San Jose Obrero) eta Emiliana Heilmann uruguaitarra (Elda Prestigio) eta Ligia Costa dira bajak.
Iaz, super amara Bera Berak 22-32 gainditu zuen Madeira eta hurrengo egunean, hirugarren posturako partidan, Benfica penaltietan gaindituzeko gai izan zen.