Guerreras Iberdrola 25-26 Liga larunbatean irekiko du super amara Bera Berak, Josean Gascan, 19etatik aurrera, Anoetako kiroldegian ligan irabazteko gai izan den azken aurkariaren aurka, Conservas Orbe Zendal Porriño, alegia. Halere, denboraldi honi begira talde galizarrak aldaketa ugari izan ditu.
European Cup txapelketako finalista iragan denboraldian, Ismael Martinezek zuzentzen jarraitzen duen taldeak bederatzi alta eta zazpi baja ditu. Atepean Ayelen argentinarra galdu du, baina Palominoren eta Morvedreko Ferrerin brasildarraren fitxaketaren bikote ona osatu dute. Pibotean, Carme Prelchi berreskuratuko du, taldea zuzentzeko Zsembery hungariarrak Malena Valles ordezkatuko du, ezkerreko hegalean Ugazi Manterolak Maider Barros eta lehen lerroan, agian, Casasola, Samartin eta Maddi Bengoetxearen faltarekin baja gehien nabarituko den lekuan, Adriana Mallo eta Santos brasildarra ekarri ditu. Hegaletan Rial eta Figueira ere batzen dira. Horiez gain, Santome, Paulina Buforn, Zhukova, Bono, Alicia Campo edo Aroa Fernández bezalako jokalarien kalitatea eta esperientzia ere kontuan hartu behar dira.
Hasteko prest
Bestalde, ikusmin handia dago super amara Bera Berak osatu duen talde berria partida ofizialean ikusteko, bereziki, lau jokalari berriak: Nicole Wiggins, Elena Amores, Ester Somaza eta Lisanne Kruijswijk. Laurek positibotzat jo dute denboraldiaurrea. Atezainak honela definitzen du taldera eta hirira moldatzeko aldi hori: “talde mailan erraza da, lotura asko dagoela nabaritzen da, eta horrek egokitzapena errazten dit”. Alacanteko hegalekoak “sentsazio oso onak” ditu, “eroso eta oso pozik” dagoela dio, eta taldea “prest baino gehiago” ikusten du lehiaketaren hasierari aurre egiteko. Kataluniako albokoa, berriz, “pozik” dago denboraldiaurrearekin, uste baitu “oso prestakuntza ona” izan dela, eta Holandako zentralak “oso gustura” dagoela dio, entrenamendu motak “gustoko” dituela gaineratu du eta, era berean, “denboraldia hasteko irrikan” dagoela.
Bihar Imanol Alvarezek agerraldia egingo du, eta litekeena da gazte bat deialdia osatzen egongo dela iragartzea.