Bera Bera

Select your language

Senior mailara jauzia ematea ez da kategoriaz aldatzea bakarrik. Erritmo berriak eta erronka berriak onartzea da, eta urteak daramatzatenekin beste modu batera bizi den errugbia partekatzea. Baina, gainera, jarraipena ere bada: askotan txikitatik hasten den bide bat, pixkanaka forma hartzen joaten dena.

Aitana Lazkano, Garazi Intxaurrandieta, Noa Andres, Iker Gómez, Yeray Martínez, Hugo Entenza, Iván Lazpita eta Markel Casares dira pauso horren adibide.

Zortzi ibilbide desberdin, adin, esperientzia eta bide propioekin, baina gauza batek batzen ditu denak: Bera Beran hazi dira, eta aurten lehen aldiz senior mailan aritu dira.

“Gehien harritu nauena jokoaren abiadura izan da”, dio Yerayk. “Eta baita talde giroa ere, elkar nola babesten dugin”, gehitu du Garazik. Istorio desberdinak, klub bakarra.

1. Kontaiguzu pixka bat zuri buruz: nor zara, non bizi zara eta zein postutan jokatzen duzu.

Yeray
18 urte ditut, Donostiako erdigunean bizi naiz, apertura postuan jokatzen dut, 8 urte daramatzat Bera Bera Rugby-n eta Don Boscon Planta Kimikoa ikasten ari naiz.

Hugo
18 urte ditut eta Trintxerpen bizi naiz. Normalean zentro edo ala postuetan jokatzen dut. 8 urte daramatzat klubean eta Donostian ingeniaritza mekanikoa ikasten ari naiz.

Aitana
17 urte ditut, Lasarte-Oriakoa naiz. 9 urte daramatzat Bera Beran errigbian jokatzen eta batxilergo zientifiko-teknologikoko lehen maila egiten ari naiz. Gaur egun, zentro postuan jokatzen dut.

Noa
17 urte ditut, Pasai Antxon bizi naiz, mediomelé postuan jokatzen dut eta 5 urte daramatzat Bera Beran. Orain Zubiri Manteon batxilergo zientifiko-teknologikoa egiten ari naiz.

Garazi
Lezokoa naiz eta urte amaieran 17 urte beteko ditut; beraz, batxilergo zientifikoa egiten ari naiz. Duela 5 urte hasi nintzen Bera Beran jokatzen, 11 urterekin. Zuzenean sub14n sartu nintzen, nahiz eta lehenago sub12 probatu nuen.

Iván
18 urte ditut, Amaran (Donostia) bizi naiz eta 5 urte nituenetik jokatzen dut Bera Beran. Urte hauetan lerroko hainbat postutan aritu naiz, baina “nire postua” beti mediomelé izan da. Ikasketei dagokienez, batxilergoa amaitzen ari naiz.

Iker
19 urte ditut, Donostian bizi naiz eta segunda edo tercera línea postuetan jokatzen dut. 8 urte inguru daramatzat Bera Beran.

Markel
Markel Casares naiz, 18 urteko donostiarra. Flanker postuan jokatzen dut eta 2 urte daramatzat errugbian, nahiz eta txikitan ere jokatu nuen.

2. Nolakoak izan ziren zure lehen urteak klubean? Gogoratzen duzu nola hasi zinen eta beti postu berean jokatu duzun?

Yeray
Hasierako oroitzapen oso politak ditut, batez ere lehen denboraldikoak, errugbia zer den eta nola jokatzen den deskubritzen hasten zarenean. Urte hauetan hainbat aldiz aldatu dut postua, taldeari ahalik eta gehien laguntzeko eta postu bakoitzean eroso sentitu arte. Etapa horretatik sub18ko bi urteak nabarmenduko nituzke; txikitatik prestatzen zaituzten arren, harrobiko etapa gogorrena da eta zure onena ateratzen du.

Hugo
Oso ondo pasatzen nuela gogoratzen dut, lasaitzeko balio zidan. Txikia nintzenez eta korrika azkar egiten nuenez, ala moduan hasi nintzen, baina orain hazi naizenez, zentro moduan ere jokatzen hasi naiz. Partidetako egunak nabarmenduko nituzke gehien, beste gazteekin kirolarekiko pasioa partekatzeko aukera nuelako.

Aitana
Igande batean nire ikastetxeko lagunak ikusten joan nintzen Lasartera eta kirolak erakarri ninduen. Egun batzuk probatu nituen eta gustatu zitzaidan. Aurrelari moduan hasi nintzen eta azkenean zentro moduan bukatu nuen, hainbat postu probatuz. Etapa horretatik, batez ere, egindako lagunak azpimarratuko nituzke.

Noa
Hasiera etapa berri bat izan zen, errugbia ez bainuen ezagutzen (hasieran uste nuen ukituz egiten zela plakajea, jaja). Lehen urtean ala moduan jokatu nuen, oso txikia nintzelako, baina bigarrenean mediomelé jarri ninduten eta ordutik beti postu horretan aritu naiz. Gehien gustatzen zitzaidana entrenamenduetan taldearekin partekatzen nituen une politak ziren.

Garazi
Hasieran ez nengoen hainbeste kontaktuko kirol batera ohituta, baina berehala saiatu nintzen beldurra alde batera uzten eta egokitzen. Hainbat postutan jokatu dut, lerroan zein delanteran, nahiz eta orain senior mailan lerroan bakarrik jokatzen dudan. Garai batean hirugarren lerro moduan ere aritzen nintzen.

Iván
Gogoratzen ditut igande goiz haiek, aitarekin Anoetako miniestadioa aldera joaten ginenean. Erlojuari begiratu gabe gabe entrenatzen genuen. Lagunak, entrenatzaileak… zelai horrek historia du. Beti gustatu izan zait erdian egotea, eta izenak dioen bezala, beti erdian. Etapa hartatik nabarmenduko nukeen gauza da entrenatzera, jokatzera eta disfrutatzera joaten ginenon inozentzia.

Iker
Hasiera oso etapa polita izan zen. Beti egin izan dut kirola, eta aitak animatu ninduen errugbia probatzera; asko gustatu zitzaidan. Lerroan hasi nintzen, baina duela hiru denboraldi delantera probatu nuen eta hor geratu naiz.

Markel
Txikitan flipatu nuen Bera Beran zegoen giroarekin, beste kirolekin alderatuta. Ala moduan hasi nintzen, baina aste gutxiren buruan delanterara pasatu ninduten eta denboraldi osoa bigarren lerro moduan jokatu nuen. Orain senior mailan flankerra naiz. Lehen egunetik ondo hartu ninduten eta lagunak egitea oso erraza izan zen.

3. Aurten senior mailara jauzia eman duzu: nolakoa izaten ari da esperientzia? Zer izan da zailena eta zerk harritu edo gustatu zaizu gehien?

Yeray
Oso esperientzia polita da, kontaktu maila askoz handiagoan jokatzea zer den erakusten dizulako. Gehien kostatu zaidana apertura modura egokitzea izan da, niretzat berria baitzen, baina behin ohitzen zarenean asko disfrutatzen da. Gehien harritu nauena jokoaren abiadura izan da, sub18koa baino askoz handiagoa.

Hugo
Senior mailan entrenamenduak serioagoak dira, giro ona egon arren. Gehien kostatzen zaidana da orain askoz gehiago saiatu behar dudala, helduekin lehiatzen naizelako. Gehien harritu nauena talde giroa izan da.

Aitana
Senior mailarako pausoa positiboa izan da, maila nirekin ondo egokitzen dela sentitzen dut. Zailena hasierako taldekideak uztea izan da. Gehien gustatu zaidana, berriz, behar nuen babes hori aurkitzea eta taldekideekin ondo konektatzea.

Garazi
Zalantzak izan nituen beste urte batez mutilekin jarraitu edo nesken taldera pasatu, baina haiekin entrenatzean oso gustura sentitzen ginen eta jokalari falta zutela ikusita ez genuen bi aldiz pentsatu. Nesken taldeak oso ondo sentiarazi nau une oro. Ez naiz inoiz baztertuta sentitu, nahiz eta adin diferentziagatik beldurra nuen. Aldaketa nabaria da senior mailara igotzean, batez ere jarreran, seriotasunean eta diziplinan.

Noa
Hirugarren urtean erabaki behar nuen zer egin: sub16ra pasa edo seniorra. Zaila izan zen, beti mutilekin jokatu dudalako, baina sub16ra pasatzeak ere beldurra ematen zidan. Azkenean seniorra aukeratu nuen. Gehien gustatu zaidana taldea izan da: giro bikaina dago beti eta denek laguntzen diote elkarri. Zailena entrenamendu eta fisikoari ordu gehiago eskaintzea izan da.

Iván
Denboraldi hau pertsonalki ez da nire denboraldirik onena, baina asko eskertzen dut nagusiek eman didaten babesa. Sub18tik nentorren eta ez zidan hainbeste eskatzen; konpromiso hori izan da zailena. Gehien harritu nauena entrenatzaile, fisio eta nutrizionistaren laguntza izan da.

Iker
Aldaketa handia izan da. Maila altuagoa da eta nabaritzen da. Gehien kostatu zaidana erritmora eta kontaktura egokitzea izan da. Gehien gustatu zaidana, berriz, esperientzia handiagoko jokalariekin aritzea eta haiengandik ikastea izan da.

Markel
Hasieran urduri nengoen ez nekielako nola moldatuko nintzen, baina oso gustura sentitu nintzen. Partidak askoz fisikoagoak eta gogorragoak dira. Oso pozik nago lehen urte honekin eta jarraitzeko gogoz.

4. Urte hauen ondoren, zer eramaten duzu errugbiaz harago?

Yeray
Bizitza osorako lagun oso onak. Norbait aukeratu beharko banu, Etor esango nuke, niregan jarritako konfiantzagatik.

Hugo
Lagunak, ikaskuntzak eta oroitzapen oso onak.

Aitana
Lagunak eta nigan sinetsi duten entrenatzaileak.

Noa
Lagun asko eta ikaskuntza bat: nahiz eta txikia izan, beti egin diezaiokezu aurre zu baino handiago bati.

Garazi
Talde giroa beti izan da izugarria. Errugbiari esker nire bizitzan oso garrantzitsuak diren pertsonak ezagutu ditut.

Iván
Ikaskuntzak, bizitza osorako lagunak eta entrenatzaile handiak. Iñaki Zaldua, Tanque, Bombas, Emilio, Txema, Ander Goiko edo Txikitin bezalakoek asko markatu naute.

Iker
Lagun pila bat. Errugbiak nire lagunik onenak eman dizkit.

Markel
Bizitza osorako lagunak eta ikaskuntza handia.

5. Bera Beran bizitako momentu batekin geratu beharko bazina, zein izango litzateke?

Yeray
Senior mailako debuta, oso momentu berezia izan zelako.

Hugo
Euskadiko txapelketako finala sub16n. Galdu arren, egindako lanaz harro nago.

Aitana
2024-2025 denboraldia: Liga irabazi eta Valladoliden Espainiako txapelketara joatea.

Garazi
Bidaiak, bertan sortzen direlako oroitzapen berezienak.

Noa
Taldeko bidaiak, talde izaera indartzen dutelako.

Iván
Txikitan jokatzen genuen Kontxako txapelketa. Amaieran beti bainua hartzen genuen.

Iker
Frantzian sub16n jokatutako txapelketa bat, oso esperientzia osoa izan zelako.

Markel
Gernikan egindako nire lehen entsegua, oso momentu berezia niretzat.

Laguntzaileak / Colaboradores

  • Orbinox

  • Grupo Bultz

  • brewandroll

  • Donostia Kirola

Laguntzaileak/Colaboradores